XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gogorapenak

Ene burua ardi bat naizela sentitu dut.

Udazkenean ohi diren egun arro haizetsu horietako batetan pago ohian amai ezinean pagotxa jaten ari naiz, patxadatsu... lasaitasun osoan.

Tripa ongi beterik, zuhaitz erraldoi baten gerizpean eulien zurrumurru errabigarriei ihes eginez etzan naizenean, zakurnabar sakona jabetu da nitaz.

Pentsatzeari ekin diot.

Oroitzapenei atea zabaldu diodanean, ene ardi izaeraren gertakizunak ikusi izan ahal ditut begi aurrean, pelikula bat ikusten ari bainitzan...

Ardiak gure bizian ez dugu gora behera handirik, lasai bizi gara. Pozik! Geure eginkizun nagusia gosea baretzea da, egunen egunerako jana lortzea.

Gainerako denbora gehiena atsegiten iragaiten dugu, eta batzutan lagunekin solasean, ze ardiak ere baditugu lagunak eta elkarrekin hitzegin dezakegu.

Bai horixe! Sarritan, Antxudia eta biok solasaldi luzeak izaten ditugu.

Antxudia ni baino urte bi zaharragoa da eta historio anitz dakizki.

Ez da hemen jaioa, kanpotik erosia baizik.

Horregatik, guretzako ezezagunak diren gertaerak kontatzen dizkigu, historio sinesgaitzak.

Izugarrizko gari zelaiak dauden parajetan ibilia dela dio, batez ere negu partean, gero, udan urrun eramaten omen zuten mendi belartsuetara.

Antxudia ene lagun mina da eta sinetsi nahi diot, baina zaila egiten ze garia zer den ere ez baitakit.

Guztiz mundu motza dudalako izanen da!

Gu, uda partean oso gustora bizitzen gara, gure erara, inork ez bait gaitu behartzen ezer egitera.

Aro honetan gorputza liluragarriago bilakatzen zaigu, maitalearekin egoteko gogo deskriba ezina jabetzen delarik gugan.

Desio hori ordea, egun batzu barru, guztiz alderantzizkoa bilakatzen da eta orduan bakardadea dugu ametsarik gogozkoena.

Ardiak guztiz bakartiak gara maila horretan eta ezinezkoa izango litzaiguke bikotearekin elkar bizitzea.

Elur eta eguraldi txarrak heltzen direnean, nagusiak mendietatik jeisten gaitu, horretarako prestatuak dituen belarsoroetara.

Akabo gure lasaitasuna!

Urtaro honetan goxokiak jan ahal izaten ditugu, nagusiak esprexki ganbelean ematen bait dizkigu, baina ez gu pozik egoteko esne gehiago eta ume ederragoak egiteko baizik. Umeak!

Gogoratzen naizen bakoitzean negargura sortzen zait.

Iaz umetxo zoragarria izan nuen, ama batek erratekoa ez bada ere, inoiz baino politagoa.

Beti pozik eta alai, bera zen artaldeko zoriona.

Eta ba al dakizu zer egin zidaten?

Ilunabar batetan, belarsorotik ikulura iritxi nintzenean, ez zegoen bertan ene maitetxoa.

Zelako atsekabea! Inork ez daki zer den ama batentzako bihotzeko umea galtzea.

Bizitzeko gogoa joan zitzaidan, eta ezertarako gehiago ez nintzela gai izanen pentsatu ere.

Gainera, gau hartan jeiztera etorri zitzaizkidan, gertatutakoa aski ez balitz! Bildotxa kenduz gero, goiz arratsaldez jeizten gaituzte eta une horri diot amorrorik gehiena, txakurra atzetik ematen digutenarekin batera.

Ba al dago eskubiderik dugun guztia kendu eta gisa horretan ordaintzeko...?

Antxudi lagunak, kontu guzti hauetaz badauka iritzi berezia.

Anitzetan burua berotzen aritzen zait honelako hau edo beste hori egin beharko genukeela erranez.

Antxudiari egin dituen ume guztiak kendu dizkiote eta erraten duenez, ez omen dago prest gehiago galtzeko. Antxudiak ikusi bide ditu mendian berekasa bizi diren ardiak, ez omen dute nagusirik, beraz, inork ez die agintzen.

Nik ezinezkoa dela hori erraiten diot, neguan geratuz gero hilgo ginatekeela gosez edo bestela elurpean.

Antxudi lagunak, ezagutzen dituela lurralde hobeak eta hamabost egun ibiliz gero iritsiko ginatekeela erantzuten dit, baina... ni ez naiz ausartzen.

Agian, hemen jaioa naizelako eta sendiak bertan ditudalako izanen da, ez dakit...

Behin horrela azaldu nion Antxudiari eta zinez aserratu zitzaidan, koldar bat nintzela erranez.

Agian arrazoia du, beharbada koldarra ninteke.

Horregatik zin egin diot lagunari beste umea kentzen badidate, ihes eginen dudala eta...

Txakurra zaunka ari da atarian asotsa izugarria sortuz.

Agian gaiztaleren bat aldendu nahi du.

Ez dakit lortuko duen, baina ni esnaraztea bai behintzat.

Ze ordu ote da?

Azkenaldian zaila egiten tirada batean lo egitea.

Urduritasunagatik izanen da.

Tan... Tan... Ta...

Elizako erlojuaren danbadak dira.

Hirurak! Ordu gutti geratzen zaizkit lotarako eta bihar egun neketsua dut zain.

Honela ezinezkoa da lokartzea!

Txakur hori isiltzen ez bada... xarbo!

Hago isilik! Lehengoan Xantik erran zidan metodoa erabili beharko dut, entzuten diren soinu txikienari ere adi egon.

Ontzak abesten dirau... txakur alu hori... ezinezkoa! Hobe betikoa egiten badut.

Kontatu.

Bat... bi... hiru... lau... bost...